Ikasgela berdatzea

Ariketa honen bidez, ikasgela berdatu nahi da, landare ugari baliatuz. Landareak ikaskide guztien artean aukeratuko dira, eta ikasgelan kokatu, landatu eta zaindu.

IKASKUNTZA-HELBURUAK

Zer egin ahalko dute ikasleek?

  • Barne-diseinurako ideiak garatu.
  • Landareak hazteko beharrak eta baldintzak azaldu, eta landare berdeei aplikatu ikasgelan.
  • Landareak birlandatu eta kontu handiz zaindu.
  • Landare biziak zaintzeaz arduratu.
  • Norberaren bizi-ingurunearen diseinua esperimentatu eta horri buruz hausnartu.

Sakoneko informazioa

Irakasgaiak: biologia eta ingurumen-ikasketak, eskulanak, hezkuntza teknikoa eta artistikoa.

Beharrezko materiala: loreontziak, loreontzietarako lurra, landareak, eskularruak, landatzeko pala txikiak, bihurkina, zulagailu elektrikoa.

Beharrezko gelak eta ekipamendua: ikasgela edo patioa.

Aproposa talde handi edo txikietarako.

Behar den denbora: 2-3 unitate didaktiko

Prestaketa

Denboraren eta landaketa-beharren arabera, loreontziak ikasgelan edo ikastetxeko jolastokian landa daitezke. Ikasgela bakoitzean bizpahiru ikasleko talde txikietan lan egitea da egokiena.

  • Pentsatu aldez aurretik ikasgelak edo ikastetxeko bestelako tokiren batek ekologiarako eskaintzen dituen aukerez. Azaldu zer asmo duzun ikastetxeko zuzendaritzari.
  • Egin zerrenda bat ikastetxean erabilgarri dauden materialekin eta erosi behar direnekin, eta egin kostuen gutxi gorabeherako kalkulua. Erabili tokiko hornidura-iturriak eta loreontzietarako lurra —zohikatzik gabea—, edo bestelako substraturen bat.
  • Landareak: Erabili “Landatu zeure landare gazteak” (landareak zaintzea) ariketan erabilitakoak, edo eskatu ikasleei etxe barruko landareen aldaxkak ekartzeko, baita etxean tokirik ez duten landareak ere.
  • Loreontziak erosterakoan, ziurtatu zulodunak direla, ura pila ez dadin, eta erosi platertxo bat soberan den ura biltzeko. Platertxoak erabiltzearen abantaila da berehala ikus daitekeela landareak noiz duen ur gehiegi ureztatzean.

Ikasgelan egin beharreko urratsak

  1. Sarrera gisa, hasierako galdera hauek eztabaida daitezke: Hobeto arituko gara ikasgela berde batean? Nola diseina dezakegu ikasgela berde bat? Zein landare dira egokiak? Zer baldintza behar dituzte ondo hazteko? Nola egin dezakegu?
  2. Hasteko, aukeratu ikasleekin batera landareentzako leku egoki bat edo batzuk. Saihestekoa da landareak leiho-ertzean ipintzea, enbarazu egin baitezakete leihoak irekitzeko, eta, ondorioz, ikasgelak aireztatzea zaildu.
  3. Aukerakoa: Ikasleek ideiak bildu eta planak egingo dituzte, ikasgela berdatzeko eta landareak kokatzeko. Landareentzako apalek eta loreontzi zintzilikatuek aukera gehiago eskaintzen dituzte. Zer landare eta non erosi ere aldez aurretik eztabaida daiteke guztien artean. Ikasleek beren ideiak justifikatuko dituzte, landareen beharrak, ikasgelaren diseinua eta beste alderdi batzuk kontuan hartuta, hala nola ikasgelan mugitzeko beharrezkoa den tokia.
  4. Hurrengo urratsa da loreontzi bakoitzean zein landare ipini erabakitzea. Talde bakoitzak landare bat eta harentzako moduko loreontzi bat hartuko ditu.
  5. Landareak loreontzi egokietara aldatuko dira, lur eta guzti. Amaieran, lurra zapaldu egin daiteke pixka bat, eta behar adina ureztatu behar da.
  6. Landareak aurreko irizpideak aintzat hartuz ipiniko dira ikasgelan.
  7. Orain zainketa-plan bat egin behar da. Ikasleei landareak astero ureztatzeko zeregina eman behar zaie, txandaka. Biologiako eskoletan sar daiteke landareen garapena zaintzea eta behatzea.
  8. Ikasturtearen amaiera aldera, jarduera ebaluatuko da, hasierako galderak hartuta: Zer moduz hazi dira landareak? Landare batzuk hala-hola badaude: Zein hazkunde-baldintza ez dira betetzen? Zer alda liteke? Zer iruditzen zaie ikaskideei eta gainerako ikasle eta irakasleei ikasgela berdea? Hobetu da ongizatea? Nola kalifikatzen dituzte ikasleek ekintzaren emaitzak eta esperientziak?

IDEIA

  • Birlandatzean, garrantzitsua da sustrai-lurra erabat estalita eta ondo ureztatuta egotea. Hala ere, zurtoinak edo landare-enborrak ez du egon behar lurrez estalita. Kontuz ibili birlandatzean sustraiei kalterik ez egiteko, eta ez landatu landarea sakonegi loreontzian. Lurra loreontziaren ertzetik hiru bat zentimetrora iristea da egokiena, eta horren arabera landatzea landarea.
  • Loreontziak lurrean kokatzekotan, taula gurpildun bat ipin daiteke barrenean, garbitzaileen lana errazteko eta landareak azkar eta erraz mugitu ahal izateko.
  • Loreontziak eskulan edo heziketa artistikoko eskoletan diseinatu, margotu eta itsatsi daitezke. Landareak zintzilikatzeko osagarriak ere egin daitezke, edo apalategiak eta taula gurpildunak eraiki.
Scroll to Top