Landareen eragin positiboak

Zergatik dira landareak hain garrantzitsuak guretzat?

Landareek ezaugarri positibo asko dituzte. Fotosintesiaren bidez, gizakientzat eta animalientzat ezinbestekoa den oxigenoa sortzen dute, eta, horretaz gainera, airea garbitzen dute. Animalia askoren bizitokia ere badira landareak: hasi goroldiotan ibiltzen diren animalia txikietatik, eta basoan bizi diren animalia handietaraino. Lurrunketaren bidez, landareek badute eraginik mikrokliman ere. Landare gehiago izateak —heskaiak edo basoak, kasu— zarataren aurkako babes gisa ere balio dezake. Fatxada eta teilatu berdeen kasuan, isolamendu termiko gisa ere funtzionatzen dute. Eta ez da ahaztu behar, jakina, landareen alderdi nutrizionala, ezta ingurumenean eta gure ongizatean duten efektu estetikoa ere.

IKASTETXEETARAKO ABANTAILAK

  • Ikasleak animatzen ditu ikastetxea elkarrekin berdatu dezaten eta landareak balioets eta zain ditzaten.
  • Landareekiko jarrera positiboa sortzen du ikasleen eta ikastetxeko langileen artean. Kontzientzia areagotzen du landareen eragin positiboen eta haien garrantziaren gainean.
  • Ikastetxea ekologikoago bihurtzeko argudioak metatzen ditu; horri esker, errazagoa da dirua biltzea eta administrazioaren, politikaren eta gurasoen babesa jasotzea.

Airearen kalitatea hobetzeaz gainera, zarata murrizten du.

Landareek elementu kutsatzaileak iragazten dituzte hostoen gainazalaren bidez, eta, horrenbestez, nabarmen laguntzen dute hirietako airea garbitzen eta hiri-partikulak finkatzen. Gainera, karbono-dioxidoa (CO2) landareetan finkaturik geratzen da. Fotosintesiaren bidez, landareek gizakientzat eta animalientzat ezinbestekoa den oxigenoa sortzen dute, eta, era berean, airea garbitzen dute. Substratuek eta landareek zarata xurgatzen dute, eta, beraz, hiriko hotsak nabarmen murriztea lor daiteke, betiere landaretzaren antolamenduaren eta estaldura-mailaren, substratuaren sakoneraren eta erabilitako materialen arabera.

BA AL ZENEKIEN?

Noiz garatu ziren lehen basoak?

Devoniar aroan, duela 370 milioi urte inguru, baziren zuhaitz-landarez osaturiko lehenbiziko basoak. Geroago, Karboniferoan (orain 320 milioi urte), baso zingiratsu izugarriak zabaldu ziren; basook izugarri murriztu zuten atmosferako CO2-a eta % 30eraino areagotu zuten atmosferaren oxigeno-edukia.

Austria aldean, lurrazalaren % 48 basoz estalita dago; hau da, lau milioi hektarea inguru baso dituzte. Austriako baso-azalera hazten ari da; izan ere, mozten diren zuhaitzak baino gehiago landatzen dira.

Zenbat oxigeno sor dezake zuhaitz hostogalkor batek urtebetean?

Urtean 800 milimetro inguruko prezipitazioekin, 370 litro oxigeno sor ditzake orduko batez beste 15 eta 20 metro bitarteko altuera duen zuhaitz hostogalkor batek. Kantitate hori urtebetera estrapolatuta, 3 milioi litro oxigeno sortuko lituzke zuhaitz horrek berak. Gizakiek, jardueraren arabera, 15 litro oxigeno kontsumitzen dute orduko (atsedenean), edo 150 litro eta are gehiago (ahalegin handia egitean edo kirola praktikatzean, adibidez).

Landareak, klimatizagailu naturalak

Lurrunketaren eta itzal egitearen bidez, landareek badute eraginik mikrokliman.

  • Landareek itzal atsegina eta naturala eskaintzen dute, zeina ederki egokitzen baita urtaroetara. Landareek udan egiten dute itzalik handiena hostoen bidez, bero egiten duen garaian, alegia. Negu-partean, berriz, argi, eguzki eta bero gehiago behar izaten dugu, eta orduan erori egiten dira hostoak.
  • Landareek, orobat, freskatu egiten dute beren ingurune hurbila, ebapotranspirazioaren bidez. Hori horrela, hiriguneetako berdeguneek aire egokitu natural gisa jokatzen dute. Eraikin berdeen kasuan, berotze-efektu nabarmen txikia eragiten dute fatxadetan eta teilatuetan. Hori horrela, inguruan eragiteaz gainera, tenperatura atseginagoak bermatzen dituzte eraikin barruetan.

BA AL ZENEKIEN?

Zer da ebapotranspirazioa?

Ebapotranspirazioa izerdiaren eta lurrunketaren konbinazioa da.

  • Transpirazioa landareek estomen bidez ura lurruntzea da. Estomek beroa erauzten dute ingurunetik, eta horrek hozte-efektua sortzen du. This effect is comparable to human sweating – human bodies begin to sweat to cool themselves down.
  • Horri lurzoruaren eta uraren gainazal naturaletako ura lurruntzea gehitu behar zaio. Lurzoruak eta substratuek ura biltegiratzen dute, eta berriro lurruntzen. Lurruntze horrek hezetasuna areagotzen du, eta, horren bitartez, ongizate handiagoa ez ezik, hoztea ere lortzen da.

Landareek euri-uraren kudeaketari egiten dioten ekarpena

Berdeguneek ura atxiki eta biltegiratu egin dezakete, substratuak eta landareek euri-ura zuzenean xurgatzen duten heinean. Denbora baten buruan baino ez dute lurruntzen, eta atmosferara itzularazten dute, kantitate txikiagoetan (ur-erretentzioa). Horrek ziklo natural bat sortzen du. Prezipitazioen % 70 eta % 80 artean atxiki daiteke horrela, eta, beraz, urok ez dute amaitzen hiriko estolderia-sisteman. Zigilatutako gainazalek, hala nola hormigoiak eta asfaltoak, eragotzi egiten dute euri-ura iragaztea. Horrek udal-estolderiaren gainkarga eta uholdeak eragin ditzake euri-jasak gertatzen direnean, edo are udaberrian neguko elurrak urtzen direnean.

IDEIA

Planifikatu ikasgelako kideekin ikastetxe-patio bat edo aparkaleku bat, udan bero-tranpa ez bihurtzeko moduan. Zer itxura izango luke? Saiatu ikasleek arbelean edo taldeka karteletan plan bat egin eta elkarrekin eztabaida dezaten.

Landareek errendimendu kognitiboan duten eragina

Ikastetxeko esparruan landareak erabiltzeak alderdi ekologiko ugari ditu, baina, horietaz gainera, landareak biziki lagungarriak izan daitezke kontzentrazio-gaitasuna hobetzen ere. Nancy M. Wells andreak eginiko azterketa batek, konparazio baterako, deskubritu zuen nabarmen hobetu zirela funtzio kognitiboak hiriguneetatik ingurune berdeagoetara bizitzera eraman zituzten haurren artean. Zenbat eta aldaketa handiagoak landaretzarik gabeko aurreko bizilekutik bizileku berri berdeago batera, orduan eta hobea haurren kontzentrazio-gaitasuna.

GAIAN SAKONTZEKO AUKERAK

Eskuratutako ezagutzak indartzeko, galdera hauek landu ditzakezu ikasleekin:

  • Zer gertatzen da fotosintesian?
  • Ikasleek fotosintesi-prozesua azalduko dute, eta ingurumenean eta gizakientzat zer funtzio duen eztabaidatuko dute.
  • Zer ezaugarri izan behar ditu ikastetxeko patioak?

Eztabaidatu ikasleen beharrak aseko dituen eskola-patio ideal baten ezaugarriak.

  • Zer eginkizun dute landareek hirian?
  • Kontuan izan landareak hiriko zer tokitan kokatzen diren.
  • Eman hiri barruan hazten diren landareen zenbait adibide.
  • Eztabaidatu landareek hirietako bizitzarako duten garrantziaz.
  • Lurzorua estaltzeko eta zigilatzeko zer material-motak ahalbidetzen du ura iragaztea?
  • Deskribatu landareek eta lurzoruak uraren zikloan duten eginkizuna, eta azaldu zer ekarri egiten dioten euri-uraren kudeaketa jasangarriari. Izendatu lurzoruaren estaldurak eta baldintza teknikoak.

Esperimentuak

Esperimentua: Ura biltegiratzeko gaitasuna neurtzea

Esperimentua: Ura biltegiratzeko gaitasuna neurtzea

Ura biltegiratzeko gaitasuna neurtzea. Muntatze-lan esperimental honen bidez, euri-zaparrada bat simulatuko da landaretza duen lurzoru ireki eta zigilatu batean. Hartara, lurzoruaren higadura eta landareen eragina bistaratuko dira. Horretaz gainera, agerian geratuko dira euriak lurzoruan eragiten dituen ondorioak, zigilatze-mailari eta lurzoruaren…

Eskualdeko Informazioa

Scroll to Top