Bero-uharteak

Eduki fresko ikastetxea eta hiria!

Hiriak intentsitate berezian ari dira berotzen, eta, besteak beste, klima-aldaketa da horren arrazoia. Zigilatutako azalera handiak eta eraikinen garapen trinkoa direla medio, udako tenperaturen gorakadak inpaktu handiagoa du hirietan.

IKASTETXEETARAKO ABANTAILAK

  • Bero-uharteen, eraikitako lurzoruaren eta landarediaren arteko lotura ulertzea.
  • Ikastetxearen esparruan edo inguruetan, non ageri dira bero-uharteak?
  • Tokian tokiko bero-uharteei eta klima-aldaketaren ondorioei aurre egiteko neurriak ulertzea.
  • Ikastetxea landareen bidez freskatzeko ideiak topatzea. Zer ingurutan lagunduko luke lorezaintzak ikastetxe-esparruko ongizatea hobetzen?

Bero-uharteak eta haien jatorria

Zigilatutako azaleren proportzio handia dela eta, lurrunketa urritu egiten da hirietan, eta, aldi berean, eguzki-erradiazioaren beroa biltegiratu egiten da eraikinen gainazaletan eta kaleetan Horretaz gainera, eraikitako eremuek blokeatu egiten dute inguruetako eremu freskoarekin izaten den aire-trukea. Eguzkiak ez ezik, faktore gehiagok ere berotzen dute airea uda-partean, hala nola autoen ihes-gasak, industriaren hondar-beroak eta airearen baldintzek. Tresna elektrikoen erabilerak ere berotzen ditu apartamentuak eta etxeak. Eraikinok gauez aireztatzen direnean, ingurumenera irteten da haietan pilaturiko beroa. Horretaz gainera, CO2-isutzeek eragin negatiboa dute tenperaturetan. CO2-a atmosferara* igotzen da, eta han biltegiratzen da 100 urtez baino gehiagoz (konparazio gisa, hidrogenoa egun batzuetan soilik egoten da metatuta atmosferan*). Horren ondorioz, eguzkiaren izpiak gero eta gehiago islatzen dira eta, aldi berean, lurrean ere islatzen dira. Horrek berotegi-efektu antropogenikoa eragiten du.

Elkarri eragiten dioten efektu horiek direla eta sortzen dira bero-uharteak. Horrek esan nahi du hiriko tenperaturak, askotan, eraiki gabeko inguruan baino hamabi gradu zentigradu altuagoak ere izan daitezkeela. Bero horrek hondatu egiten ditu biztanleen bizi-kalitatea eta ongizatea, eta ondorioak ditu osasunean, bereziki pertsona kalteberengan —hala nola adinekoak, gazteak edo gaixorik dauden pertsonak—.

IDEIA

Egin ideia-jasa bat ikasleekin, uda-parteko beroaren gainean. Nola eragiten die beroak haurrei eta gazteei, eta nola adinekoei? Zer estrategia dituzte ikasleek freskatzeko eta udako berotik ihes egiteko?

Bero-uharteen aurkako neurriak

Egitura eta gune berdeak lagungarriak izan daitezke bero gutxiago biltegiratzeko eta lurrunketa areagotzeko, eta horrek efektu freskagarria izaten du. Gainera, landareek CO2-aren deskonposizioa errazten dute, eta aireko beste kutsatzaile batzuk iragazten dituzte modu naturalean. Gaur egungo azterlan askok ingurumenarekin bateragarriak diren neurriak aztertzen dituzte, bero-uharteak eraginkortasunez indargabetu ahal izateko. Hiri-basoez, hiri-zuhaitzen landaketaz eta parke zabalak diseinatzeaz gainera, «azpiegitura berdearen» auziari ipintzen zaio arreta. Hiri-inguruetan berdeguneen proportzioa ehuneko hamar igota soilik, 2,5 gradu zentigradu freska daiteke airearen batez besteko tenperatura.

Fatxada eta teilatu berdeek inguruko tenperaturak arintzen lagun dezakete. Neurriok hirigune osoari aplikatuz gero, nabarmen murriztu daiteke bero-uhartearen efektua. Simulazioek erakutsi dutenez, fatxada berdeen artean dauden kaleetako tenperaturak 4,5 gradu zentigradu murriztu daitezke klima mediterraneoetan*, edo 2,6 gradu zentigradu klima epeletan.

Espazio irekiak edo aire freskoko korridoreak ziurtatuz, aire hotzaren zirkulazioa ere susta daiteke hirietan. Alabaina, horrek epe luzerako hiri-plangintza eskatzen du.

BA AL ZENEKIEN?

Fatxadak eta teilatuak, berdegune potentzial gisa!

Hiri-inguruetako berdeguneak urriak dira jada, garraio-azpiegiturak hedatu izanaren eta eraikin berriak etengabe eraiki izanaren ondorioz. Eraikinak ekologiko bihurtzea —hala nola teilatuak edo fatxadak— egokia da hirian galdutako berdegune horiek konpentsatzeko, neurri batean, behinik behin. Eremuak zuzenean alderatuz gero, azalera bertikalek teilatuek baino gaitasun handiagoa dute eraikinetan ekologizazio-neurriak hartzeko. Garaiera handiko eraikinen kasuan, gehiago da askotan. Teilatu-gainazalen kasuan, ekologizazio-neurrietarako bereziki egokiak dira teilatu lauak eta 20 gradurainoko inklinazioa duten malda txikiko estalkiak. Hori horrela, fatxadek eta teilatuek oso zigilatuta dauden hiriguneak ekologizatzeko potentziala eskaintzen dute, baina askotan ez dira aprobetxatzen.

Zer esan nahi du «mikroklimak»?

«Mikroklima» terminoa lurzorutik bi metro gorago dagoen eremuari dagokio, bai eta han dauden aire-geruzei ere. Mikroklima argi eta garbi zehaztutako eremu batean sortzen da (adibidez, hiri bateko eraikinen artean). Lurraren marruskadura eta, batez ere, tenperatura-desberdintasun handiak ditu ezaugarri. Pertsonak, landareak eta animaliak mikroklimaren eraginpean daude zuzenean. Hirietan, bereziki, mikroklima asko desbidera daiteke eskualdeko klima tipikotik, eraikinak eta zigilatutako azalerak direla eta.

Zer da berotegi-efektua?

Berotegi-efektu naturalaren ondorioz, Lurrak 15 gradu zentigradu izaten ditu batez beste, –18 ºC-ko batezbestekoaren ordez. Lurraren gainazalean, eguzki-argiaren zati bat bero bihurtzen da. Hidrogenoa (H), karbono dioxidoa (CO2) eta metanoa (CH4) askatuta, geruza bat osatzen da atmosferan, zeinak eguzki-izpien zati bat islatzen baitu Lurraren gainazalean errefraktatu ondoren. Erregai fosilak erretzeak eta nekazaritzako ustiategi handiek hidrokarburoen (CmHn) eta ozonoaren (O3) sorrera areagotzen dute, eta horiek metatu egiten dira atmosferan. Atmosferan partikula-kopurua handitzearen ondorioz, eguzki-izpien proportzio handiagoa islatzen da eta gehiago berotzen da lurra. Fenomeno horri berotegi-efektu antropogeniko esaten zaio.

BA AL ZENEKIEN?

Klima eta lurzoruak

Lurzoruak eta klima oreka dinamikoan daude, eta elkarri eragiten diote. Klima da lurzorua eratzearen erantzule nagusia. Era berean, lurzoru osasuntsu eta ukigabeek eragina dute kliman, karbonoa eta atmosferako berotegi-efektuko beste gas batzuk xurgatzen eta finkatzen dituzte eta. Lurzoruek, karbono-depositu gisa, konpentsatu egiten dute beroketa globala edo berotegi-efektua.

Ba al zenekien ozeanoak lurraren birikak direla?

Diatomeoek eta kare-algek —fitoplankton ere esaten zaie— CO2-kantitate handiak xurgatzen dituzte ozeanoan, eta oxigeno bihurtzen dute fotosintesiaren bidez.

GAIAN SAKONTZEKO AUKERAK

Eskuratutako ezagutzak indartzeko, galdera hauek landu ditzakezu ikasleekin:

Zer eragin du mikroklimak ikasleengan?

  • Ikasleek mikroklima terminoa deskribatuko dute, eta beren bizitza- eta eskola-ingurunean aplikatuko dute.
  • Aurkitu beharreko ezaugarriak deskribatuko dituzte.

Zer bereizgarri ditu hiri-klima ideal batek?

  • Elkarrekin eztabaidatuko dituzte hiri ideal bateko klimaren ezaugarriak, eta ikasleek ezagutzen dituzten hiriekin alderatuko dituzte.
  • Fisika-eskoletan, hitz egin daiteke xurgapenaz eta berotegi-efektuaz.
  • Historia-eskoletan, esaterako, landu daiteke zer-nola aldatu den atmosferako kutsatzaileen maila industrializazioaren ondorioz.

Esperimentuak

Esperimentua: Tenperaturak eta gainazaleko tenperaturak neurtzea

Esperimentua: Tenperaturak eta gainazaleko tenperaturak neurtzea

Tenperaturak eta gainazaleko tenperaturak neurtzea Adibide praktiko honetan, ikasleek hainbat tokitako tenperaturak neurtuko dituzte. Horrela, bertatik bertara ikusiko dute materialek, berdeguneek, landareek eta urak zer eragin duten gure mikrokliman. Infragorri-neurgailuen bidez, gainazaletako tenperaturak neurtuko ditugu, jakiteko zein diren besteak baino…

Eskualdeko Informazioa

Scroll to Top