Barnealdearen berdatzea
Bihurtu ikasgela oasi berde

Garrantzitsua da barrualdeak berdatzea, haiexetan igarotzen baitute ikasleek eskola-egunaren zatirik handiena. Garrantzitsua da barrualdeak berdatzea, haiexetan igarotzen baitute ikasleek eskola-egunaren zatirik handiena. Alde batetik, landareek kutsatzaile-iragazki eta oxigeno-ekoizle gisa funtzionatzen dute, eta horrek eragin positiboa du ikasleen kontzentrazioan eta osasunean. Batez ere ikastetxe berrietan, nahiko lehorra izaten da airea, paretak ondo isolatuta egoten baitira, eta haurrak, gazteak eta irakasleak kexu izaten dira, mukosak lehortzen zaizkiela eta. Landareak edukitzeak izugarri hobetzen du hori. Gainera, ikasgelak hobetu eta batera diseina daitezke begetazioa gehituz.
IKASTETXEETARAKO ABANTAILAK

- Zenbait ideia, ikasgela ikasleekin batera berdatzeko:
- Ikasgela barneko giroa eta airearen kalitatea hobetzea landareen bidez.
- Ikasleek landareak zaintzen ikasiko dute elkarrekin, eta beren gain hartuko dute ikasgelako landareak zaintzeko ardura.
- Ekologizazio-proiektuarekin emaitza ikusgarria sortzea eta, hala, norberaren ikastetxean eta beste batzuetan eredu gisa funtzionatzea (jakinarazi!).
Lorezaintza- eta landaketa-aukerak
Ikasgeletan, loreontzietan ipin daitezke landareak, edo barneko hormetan landatuta. Horretaz gainera, zintzilikatzeko aukerak ere balia daitezke. Kontuan izan behar da bizpahiru landare erabiltzeak ez duela eragiten aldaketa nabarmenik. Ikasgelan giro ezin hobea sortzeko, 15 landare baino gehiago jarri behar dira, eta horietatik bostek gutxienez 1,50 metrotik gorako altuera izan behar dute. Landareak aukeratzean, egiaztatu behar da ez direla pozoitsuak eta ez dutela efektu haluzinogenorik. Era berean, saihestekoak dira landare arantzadunak, inork ere minik ez hartzeko. Landareok haurrek eta gazteek zaindu behar dituztenez, lan handirik ematen ez duten landareak aukeratzea komeni da. Erdi-itzaletan edo itzaletan ipintzeko landareak hautatu behar dira; izan ere, ez dira jarri behar leihoen ondoan, ikasgelako aireztapena ez eragozteko.

BA AL ZENEKIEN?

Zer eragiten du kolore berdeak gizakiongan?
Kolore berdeak itxaropena, hazkundea eta bizitza adierazten ditu. Psikologian esaten da kolore berdeak irudimena estimulatzen duela eta arimari kulunkatzen uzten diola; sormena ere sustatzen du, eta gauza berriak egiteko gogoa pizten du.
Zein da gela bateko hezetasun erlatibo optimoa gizakiontzat?
Guretzat, % 45 eta % 50 bitartekoa da gela bateko hezetasun erlatibo ideala.
Instalazioetako kutsatzaileak iragazteko funtzioak
Landare guztiek dute aireko kutsatzaileak iragazteko gaitasuna. Hala ere, zenbait kutsatzailerentzat bereziki egokiak diren landareak ere erabil daitezke ikasgelan; adibidez, bakearen liliak (Spathiphyllum) ikasgelako azetona garbitzeko erabil daitezke. Potoak (Epipremnum aureum), berriz, pinturen eta itsasgarrien gasak garbitu ditzake. Amateak (Schefflera) eta dragoak (Dracaena) gortinetako gas kutsatzaileak, partikula-taulak eta antzekoak garbitzen dituzte.

CO2-kontzentrazio handiaren ondorioak
Gela batean CO2 -edukia handitzen den heinean, areagotu egiten dira nekea, kontzentraziorik eza eta ondoeza. Gizakiok igortzen ditugun usainek gehiago irauten dute CO2-maila handia dagoen geletan. Zientzialariek ikusi dute, orobat, germen-kontzentrazioak gora egiten duela ehunekotan CO2 -mailarekin, eta horrek infekzio arriskua areagotzen duela. CO2-a barneko airearen kalitatearen adierazle gisa erabil daiteke.
IDEIA

Ikasgelako airea hobetzen
- Ikasgela garbitu egin behar da aldizka, hauts-mailak ahalik eta baxuen edukitzeko.
- Astean hirutan gutxienez, ikasgelako zorua, aulkiak eta mahaiak bustita garbitu behar dira.
- Aireztatzeko etenaldi bat egin behar da ordubetetik behin, kutsatzaile-kontzentrazioa murrizteko eta aire freskoa egokiro hornitzen dela bermatzeko. Garrantzitsua da ikasgela aldizka aireztatzea; ez da nahikoa leihoak ardatz aldagarrian edukitzea.
- Uda-partean, garrantzitsua da leihoek eguzki-babes egokia izatea, gehiegizko beroa saihesteko.
Barneko landareen propietate positiboak
Ikerketek erakutsi dute landareek ongizatea areagotzen dutela geletan. Gutxitu egiten dira buruko mina, nekea eta larruazaleko narritadurak. Nancy M. Wells-ek (2000), adibidez, ikasgeletan egindako azterketek frogatzen dute ikasgeletan landareak dituzten ikasleek askoz kontzentrazio handiagoarekin ikasten dutela eta landarerik gabeko ikasgeletan daudenak baino gutxiagotan gaixotzen direla. Neurketek frogatu dute, orobat, landareek arteria-presioa eta estres-faktoreak murrizten dituztela, hala nola antsietatea, haserrea eta gogogabetasuna. Landareek, era berean, hezetasun handiagoa ematen dute ikasgeletan, lurrundu egiten baita ureztatzeko emaniko uraren % 90 baino gehiago. Batez ere neguko hilabete hotzetan, barruko airea erradiadoreekin are gehiago lehortzen denean, gizakiok landareek lurruntzeko duten gaitasunaz baliatzen gara, muki-mintzen lehortasunaren, azal lehorraren eta begietako suminaren aurka babesten baitu. Horretarako egokiak dira, batez ere, neguan etengabe hazten ari diren eta ur-premia handia duten landareak. Hala ere, kontuz ibiltzea gomendatzen da, lizunaren hazkundeari mesede egiten baitzaio %60tik gorako hezetasun-maila duten eraikinetan. Tove Fjeld-ek (2000) burututako Norvegiako ikerketa batek ikertu zuen barne-landaretzak zer eragin duen langileen eta ikasleen osasunean eta ongizatean espazio itxietan, eta ondorioztatu zuen landareek eragin positibo etengabea dutela, eta eragin positibo hori, besteak beste, kutsatzaileak iragazteko eta barnealdeetako hezetasun-mailak handitzeko duten gaitasunari egotz dakiokeela, bai eta landareei begiratze hutsarekin estresa nabarmen azkarrago murrizteari ere.

GAIAN SAKONTZEKO AUKERAK

Eskuratutako ezagutzak indartzeko, galdera hauek landu ditzakezu ikasleekin:
Nola berdatu daiteke ikasgela bat?
- Ikasgela berdatzeko ideiak garatzea. Utzi ikasleei ikasgelako marrazki edo plano bat egiten, ikasgela landareekin berdatzeko.
Zergatik da garrantzitsua ikasgela bat berdatzea?
- Ikasleek elkarrekin ikertuko dituzte ikasgela edo eskolako beste gela batzuk berdatzeko landarerik aproposenak. Hainbat sailkapen-kategoria garatuko dituzte, hala nola kokapen argitsua edo iluna, zaintza-eskakizunak, jatorria, ezaugarriak eta abar, eta kategorien arabera esleituko dituzte landareak.
Nola hobetu daiteke ikasgeletako airea?
- Ikasleek zerrenda bat egingo dute, ikasgelan aire ona izateko. Zerrenda horretatik ondorioztatuko dira ikasleek beren gain hartu beharko dituzten eginkizunak (adibidez, asteko txandak).

Esperimentuak
Esperimentua: Ikasgela berdatzea
Ariketa honen bidez, ikasgela berdatu nahi da, landare ugari baliatuz. Landareak ikaskide guztien artean aukeratuko dira, eta ikasgelan kokatu, landatu eta zaindu.


