Nola eratzen da lurzorua?

Naturak ez du sortzen balio ez duen hondakinik. Esperimentu honekin, hondakin organikoak lehengai baliotsuak direla ikusiko dute ikasleek, eta, horretaz gainera, ekonomia zirkularraren oinarrizko printzipioak ikasiko dituzte. Landare-hondakinek elikagai gisa balio dute lurzoruko organismoentzat, eta balio handiko ekarpena egiten dute lurzoru biziak eta mantenugai ugarikoak edukitzeko.

IKASKUNTZA-HELBURUAK

Zer egin ahalko dute ikasleek?

  • Lurzorua eratzeko faktore eta prozesu garrantzitsuak izendatu.
  • Konpostatze-ariketa irakaslearen jarraibideen arabera egin, eta nabarmenki dokumentatu.
  • Esperimentua ebaluatu eta konpostatze-prozesua azaldu.
  • Konpostatzeko egokiak diren hondakin organikoak izendatu eta konpostaren heldutasun-maila bisualki zehaztu, bai eta konposta eta lurra alderatu ere.
  • Hasierako galderaren inguruan eskuratutako ezagutzak laburbildu.

Sakoneko informazioa

Irakasgaiak: biologia eta ingurumen-ikasketak, geografia eta ekonomia.

Beharrezko materiala: zurezko kaxa bat, sukaldeko fruta eta barazki freskoen hondakinak, labore-hondakinak, belar-ebakinak, lorategiko ebakin berdeak, belar gaiztoak, konpost heldu pixka bat, pala txiki bat.

Beharrezko lokalak eta ekipamendua: ikastetxeko lorategia edo espazio irekia.

Aproposa talde txikietarako.

Behar den denbora: unitate didaktiko bat

Prestaketa

  • Ikastetxeko esparruan toki egoki bat topatu behar da aldez aurretik, egurrezko kaxa lauzpabost astez hantxe ipintzeko. Lekuak erdi-itzaletan egon behar du, eta haizetatik babestuta. Bero- eta hezetasun-baldintzek lurzoruko organismoen jarduera errazten dute.
  • Argitu lorategiko edo sukaldeko hondakinetako zer material organiko dagoen eskuragarri ikastetxean. Eztabaidatu ikasleekin zer material organiko den egokia aurreikusitako ariketarako. Ikasleei eskatuko zaie ekar dezatela material organiko egokia etxetik, sukaldetik edo lorategitik.
  • Landare-materiala bustiegi eta hezeegi egon ez dadin, gainazal batean zabaldu behar dira belar-ebakinak eta belar gaiztoak, eta eguzkitan lehortu aldez aurretik.

IDEIA

Ez da erabili behar zitrikorik edo banana-azalik, produktu fitosanitarioekin tratatuta egoten baitira.

Ikasgelan egin beharreko urratsak

  1. Sarrera gisa, hasierako galdera hauek eztabaida daitezke guztien artean: Landare-hondakinak birziklatu eta konposta egin nahi dugu. Nola «funtzionatzen» du konpostatzeak? Nola lor dezakegu ondo konpostatzea? Zertarako erabil dezakegu konposta? Ikasleek suposizioak egingo dituzte, edo lehendik dituzten ezagutzak eta esperientziak azalduko dituzte.
  2. Eskola-esparruan, aukeratu egurrezko kaxa ipintzeko leku egoki bat, erdi-itzaletan eta babesean. Kaxak lurra ukitzen badu, esaterako, lur-zizareak sar daitezke, eta horrek mesede egingo dio prozesuari.
  3. Zurezko kutxan, sukaldeko hondakinak, uzta-hondakinak, hondakin berdeak eta abar sartuko ditugu geruza finetan. Askotariko landare-hondakinak dituzten geruza finen artean, konpost heldu pixka bat sartuko dugu behin eta berriz, «inokulatzeko». Ikasleek emandako materialak eta horien kantitateak erregistratuko eta dokumentatuko dituzte —taula sinple batean, adibidez—. Kantitateak bolumenaren arabera erregistra daitezke. Horretarako, materialak tamaina bereko kuboetan ipiniko dira, konpostetan sartu aurretik, eta kubo beteen kopurua erregistratuko da.
  4. Gainera, ikasleek begiratuko dute ba ote dagoen animaliarik sortu berri den konpost-kaxan, eta oharrak idatziko dituzte.
  5. Egurrezko kaxa bete ondoren, hantxe utziko dugu lauzpabost astez.
  6. Lau bat asteren ondoren, ikasleek egurrezko kaxaren barnekoa aztertuko dute. Horretarako, ikasleek konposta egiten hasteko protokoloetara joko dute, eta ageri diren materialak eta aurkitutako animaliak alderatuko dituzte.
    • Zer material deskonposatu dira? Zer materialek jarraitzen dute presente egoten?
    • Lurzoruko zein organismo ageri dira eta zein ez?
    • Mikroskopioaren erabilera praktika daiteke.
    • Lurzoruko zein animaliak parte hartuko zuten landare-hondarren deskonposizioan? Azaldu lurzoruko organismoek material organikoak deskonposatzen dituztela. Zer «gustatzen» zaie lurreko organismoei?
    • Ikasleek eskola-esparruko lurrarekin/substratuarekin alderatuko dute beren konposta (erdi amaituan dagoena).
  7. Egin berriro hasierako galderak. Ikasleek beren ondorioak laburbilduko dituzte. Zertarako balio dezake konpost helduak? Horretaz gainera, ekonomia zirkular naturalaren kontzeptua eztabaida daiteke.

BA AL ZENEKIEN?

Zenbaterainoko beroa egin dezake konpost-pila batean edo konpostatze-kaxa txiki batean?

Konpost-pila batek 70 oC-ra arteko tenperatura izan dezake, edo are gehiago.

Scroll to Top