Lurzoru-motak

Zein dira desberdintasunak?

Hareatsua, buztintsua edo lohitsua? Lurzoruen konposizioa haien substantzia mineralaren konposizio granulometrikoaren eta harekin lotutako ukimen-propietateen araberakoa da. Konposizio granulometrikoak honetan du eragina: lurzoruek gorde dezaketen ur-kantitatean, izan ditzaketen mantenugaietan, lurzoruak lantzeko zailtasun-mailan eta landareak haietan sustraitzeko moduan.

IKASTETXEETARAKO ABANTAILAK

  • Jolastokian edo eskola eremuan landareak hazteko baldintzak lurzoruaren ikuspegitik ezagutzea eta landare-mota bakoitzerako lekurik onenak aurkitzea.
  • Lurzoru-motak bereiztea eta landareak hazteko egokienak zein diren jakitea.
  • Berdatzeko lurzoru-mota onak zein diren eta, beharrezkoa bada, lurzorua nola hobetu daitekeen ulertzea.

Lurzoru-motak

Eskuarki, lurzoru-motak honela sailkatzen dira: hareatsuak, lohitsuak eta buztintsuak. Gainera, tarteko maila batzuetan, osagai nagusiak ematen dio izena lurzoruari. Adibidez, «buztin hareatsua» edo «harea lohitsua».

Lurzoru buztintsuak

… lurzoru astunak dira, hezetasun-maila handikoak —baina bustiak izan gabe—, eta alearen tamaina xehea da beti* (<0,002 mm). Ur-kantitate handia xurga dezakete. Infiltrazio-ura astiro-astiro askatzen da; beraz, euria egiten duenean, maiz istiltzen dira. Landareek nekez xurgatzen dituzte ura eta mantenugaiak, eta ez dituzte sustraiak erraz botatzen. Gainera, aireztatze-ahalmen txikiko lurzoruak dira.

Lurzoru lohitsuak

… hiru ale-motak dituzte; hau da, harea, lohia eta buztina. Nahaste granulometriko orekatu samarra dute, beraz. Lurzoruen gainerako ezaugarri nagusiak zati granulometriko nagusiak ematen ditu; adibidez, lurzoru lohitsu hareatsuak. Ura gorantz drainatzeko eta ura atxikitzeko ahalmen handia dute. Lurzoru lohitsuek mantenugai asko dituzte. Alde txarrak, bereziki lurzoru margatsu astunen kasuan, honako hauek dira: aireztapen eskasa eta nekazaritza-lanerako zailtasuna. Gainera, lurzoru margatsuak oso motel berotzen dira udaberrian. Lurzoru margatsu «arinagoak» eta, beraz, hobeto aireztatuak oso egokiak dira nekazaritza- eta lorezaintza-lurzoru gisa. Lurzoru margatsuetako lur irintsuaren partikulak lohi-partikulak dira (0,002 mm-tik 0,063 mm-ra bitartekoak), eta hatzen ildoei atxikitzen zaizkie.

Lurzoru hareatsuak

… ale larrien aldebakarreko proportzioa dute (0,063 eta 2 mm bitartekoa). Lantzeko errazak dira, baina mantenugai gutxi izaten dituzte. Ale larrikoak direnez, ondo aireztatuta egoten dira, landareak erraz sustraitzen dira haietan, eta azkar berotzen dira. Ur asko xurga badezakete ere, gutxi gordetzen dute.

Lurzoruaren egitura eta horizonteak

Lurzoruetan estratifikazio horizontala bereizten da. Estratifikazio horiei «horizonte» deritze. Horizonteen segida «lurzoruaren profila» da. Horizonte bereizgarriek zehazten dute lurzorua nolakoa den. Geruza bakoitzak hainbat material ditu, eta lurreko animalien habitata da. Geruza bakoitzean, lurzorua eratzeko zenbait prozesu gertatzen dira.

L horizontea —orbel-geruza— ez da benetako lurzorua, eta deskonposatu gabeko material organikoz osatuta dago, hala nola hostoz.

O horizontean —usteltze-geruza—, lurreko animaliak bizi dira, hala nola akaroak, isopodoak, harrak eta intsektuak, orbel-geruza deskonposatzen dutenak. Horizonte hori deskonposizio-geruza bat da.

A horizontea —humus-geruza— lurreko animalia gehienen habitata da. Gainera, materia organikoaren proportziorik handiena du lurzoru osoan. Bakterioek, onddoek, algek eta lur-zizareek humus bihurtzen dituzte deskonposatutako landare-hondakinak. Lurreko animalien jardueraren ondorioz, lurzoruaren osagai berriak sortzen dira; hortaz, A horizontea eratze-geruza bat da. Denboraren joanean, A horizonteko substantziak B horizontera lekualdatzen dira.

B horizontea —meteorizazio-horizontea— meteorizatutako arroka amak osatzen du; hori dela eta, mineralak ditu metatuta, landareek mantenugai gisa erabil ditzaketenak. Goiko horizonteak baino trinkoagoa eta sendoagoa da. A horizontea nolakoa den, B horizonte desberdinak garatu daitezke.

C horizontearen —arroka ama— osagai nagusia arroka ama da; esaterako, granitoa edo legarra izan daiteke. Metakin minerala da arroka ama, eta, meteorizatzen denean, mineralak askatzen dira hartatik. Arroka kontserbatu egiten da, nahiz eta meteorizazio kimikoa eta fisikoa hasita egon.

Lurzoruaren horizonteak (Ralf Dopheideren argazkia)

BA AL ZENEKIEN?

Horizonte guztiak ez daude lurzoru guztietan. Esaterako, zenbait lurzorutan, B horizontea falta da. Lurzoru horiei A-C lurzoru esaten zaie.

Lurzoruaren horizonte guztiek ez dute lodiera bera. Horizonte batzuk lodiagoak dira, eta beste batzuk, oso meheak. Lurzoruaren horizonteen ordenak lurzorua nola garatu den erakusten du.

Humusak ura gordetzeko oso ahalmen handia du. Biltegiratutako ur-kantitatea humus-kantitatea halako 20 ere izan daiteke. Lurzoruan humusaren proportzioa handituz gero, ura biltegiratzeko ahalmena handitu egin daiteke.

GAIAN SAKONTZEKO AUKERAK

Eskuratutako ezagutzak indartzeko, galdera hauek landu ditzakezu ikasleekin:

Zein lurzoru dira egokienak zein landare-mota landatzeko? Zein ez dira hain egokiak?

  • Ikasleak: Lurzoru-motak laburbildu eta azaltzea.
  • Lurzoru-motei buruzko informazioa lortuko dute, landareen hazkundeari eta haien beharrei erreparatuta.

Zer lurzoru-mota trinkotu daitezke erraz? Ibilgailu bat gainetik pasatzean, zein trinkotuko da gehien, lurzoru hezea ala lurzoru lehorra? Zergatik?

  • Ikasleek lurzoruaren trinkotzeari buruz hitz egingo dute. Lurzorua trinkotzeko arrazoiak aipatu eta ondorioak aztertuko dira.

Eraginik badu horizonterik ez izateak lurzoruaren emankortasunean?

  • Ikasleek lurzoruaren horizonteei buruzko informazioa interpretatuko dute.

BA AL ZENEKIEN?

Lurzoruak eta klima oreka dinamikoan daude, eta elkarri eragiten diote. Klima da lurzorua eratzearen erantzule nagusia. Orobat, osasuntsu eta bere horretan dauden lurzoruek eragina dute kliman, atmosferako karbonoa eta berotegi-efektuko beste gas batzuk xurgatu eta finkatzen baitituzte. Karbono-biltegiak dira lurzoruak; hots, berotze globala eta berotegi-efektua konpentsatzen dituzte.

IDEIA

Eztabaidatu ikasleekin gai hauei buruz, eta sortu kartel bat ikasgelarako. Erabili irudiak collage bat egiteko.

  • Zer egin dezakegu lurzorua eta, beraz, klima babesteko?
  • Gizakion zer jardueratan isurtzen dira karbono dioxidoa (CO2-a) eta berotegi-efektuko beste gas batzuk?
  • Goldatzen dutenean, kliman eragiten dute nekazariek?

Esperimentuak

Esperimentua: Lurzoruaren analisia

Esperimentua: Lurzoruaren analisia

Lurzoruaren analisia Ikasleek lurzoru-motak eta horien osaera ezagutzen ikasiko dute, arrabolaren proba baliatuz. Zer lurzoru-mota daukagu eskola-baratzean, familia-baratzean edo soroetan? Nola bereiz daitezke lurzoru-mota batzuk eta besteak? Lohi-laginak informazio osagarria ematen du lurzoruaren osaerari buruz. IKASKUNTZA-HELBURUAK Zer egin dezakete ikasleek?…

Eskualdeko Informazioa

Scroll to Top