Tenperaturak eta gainazaleko tenperaturak neurtzea
Adibide praktiko honetan, ikasleek hainbat tokitako tenperaturak neurtuko dituzte. Horrela, bertatik bertara ikusiko dute materialek, berdeguneek, landareek eta urak zer eragin duten gure mikrokliman. Infragorri-neurgailuen bidez, gainazaletako tenperaturak neurtuko ditugu, jakiteko zein diren besteak baino azkarrago berotzen diren materialak eta koloreak.
IKASKUNTZA-HELBURUAK
Zer egin dezakete ikasleek?
- Tenperaturaren pertzepzio pertsonala deskribatu.
- Tenperatura-neurketak egin, erregistratu eta ebaluatu.
- Neurketen emaitzak modu ulergarrian aurkeztu, adibidez, diagrama-modura.
- Hiriko bero-fenomenoak azaldu, klima-aldaketaren eta hiri-garapenaren ondorioz sortuak.
- Landarediak mikroklimarentzat dituen onurak azaldu, tenperaturaren adibidea erabiliz.
Sakoneko informazioa
Irakasgaiak: biologia eta ingurumen-ikasketak, fisika.
Beharrezko materiala: arbela, termometroa, infragorri-termometroa (edo kamera termografikoa), DIN A4 neurriko kartoi mehe zuri bat eta beltz bat (zuri-beltzeko beste material batzuk ere erabil daitezke, biak material berekoak izatea da garrantzitsua), lan-orriak.
Beharrezko gelak eta ekipamendua: eraikinetik kanpo dauden hainbat leku eta edozein gainazal.
Aproposa talde osorako zein talde txikietarako.
Behar den denbora: bi unitate didaktiko (neurketa-puntuen kopuruaren eta distantziaren arabera).
IDEIA
Infragorriak neurtzeko gailu baten ordez, erabil daiteke irudi termikoko kamera bat ere. Bietako bat ere eduki ezean, gainazaletako tenperaturak eskuekin hazta daitezke, eta ikasleek udan eta neguan izandako esperientzietan oinarrituz eztabaida sortu.
Prestaketa
Pentsatu toki bereizgarrietan: hainbat gainazal izan behar dituzte, eta ikasleek aise ikusi behar dituzte muturreko desberdintasunak tokiotan. Neurketak egiteko, leku hauek iradokitzen dira: oso urbanizatuta dagoen hiri baten erdigunea, parke bat eta ur-masa korronte baten ingurua. Horretaz gainera, beste leku interesgarri batzuk ere kontuan har ditzakezu, hala nola hiriko zuhaitz baten azpia, ikastetxeko patioa, aparkaleku bat eta abar. Unitate hau egun eguzkitsu batean egin behar da, hilabete beroetan.
Ikasgelan egin beharreko urratsak
- Hauek izan daitezke unitate didaktiko honi ekiteko galderak: Zein tenperatura dira guretzat erosoak edo osasungarriak? Non dago ikastetxeko lekurik beroena? Zenbateraino laguntzen dute landareek tenperatura atsegina izaten?
Ikasleek, lehenik eta behin, beren usteak eta esperientziak jasoko dituzte. - Ikasleek, lehenik eta behin, beren usteak eta esperientziak jasoko dituzte.
- Banatu lan-orriak, ikasleek jasotako datuak bete ditzaten, eta eztabaidatu ikasleekin nola egin behar den neurketa eta nola erregistratu behar diren emaitzak.
- Neurketak egin aurretik, ikasleek tenperatura kalkulatu behar dute —aukeratutako lekuan hautemandako tenperatura zein den—. Tenperatura hori nola hautematen duten ere gehitu dezakete (esate baterako, atsegina, beroa, hotza…).
- Ondoren, neurketak egingo dira, eta ikasleek dagozkien datuak idatziko dituzte. Aparatua erabiltzeko argibideei jarraitu behar zaie, denbora desberdinak behar izaten baitituzte neurketak egiteko.
- Lehenik eta behin, tenperaturak neurtuko dira hainbat lekutan.
- Materialak neurtzeko: jarri material zuri-beltza eguzkitan (20-30 minutu igaro eta gero neurtu behar dira). Ondoren, utzi ikasleei bi gainazalak neurtzen edo haztatzen. Bitartean, ikasleek ahal beste material probatu beharko dituzte, hala nola zura, hormigoia, asfaltoa, metala, lurzoru irekia eta koloreak. Emaitzak konparagarriak izan daitezen, saiatu beti materialak eguzkitan neurtzen.
- Neurketa guztiak egin ondoren, bildu ikasgelan. Arbelean edo errotafolio batean idatz ditzakezu banakako neurketak.
- Ikasleekin komentatuko ditugu emaitzak. Tankera honetako galderak egin daitezke:
- Non neurtu zenituzten baliorik altuenak? Non baxuenak? Zer bereizgarri zituzten leku horiek?
- Zer eragin du landaretzak neurtutako balioetan? Zer eragin dute zigilatutako gainazalek?
- Zein materialetarako neurtu ziren baliorik altuenak? Eta baxuenak?
- Zein dira material berberetarako tenperatura-desberdintasunak kolore batetik bestera?
- Nola eta zer neurrirekin murriztu litezke hiriko tenperaturak?
- Zer material dira egokienak eraikinetarako tenperaturari dagokionez?
- Zer abantaila du eraikinetan eta gainazaletan kolore argiak erabiltzeak?
- Zer beste faktorek lagundu lezake eraikinak hozten?
- Ikasleek galderak eta protokoloak erabiliko dituzte, espazio irekiak, hiriko auzoak eta eraikinak planifikatzeko ideiak lortzeko.
- Behar izanez gero: landu ikasleekin zer egin daitekeen jolastokiko edo ikastetxe inguruko bero-uharteak oasi berde bihurtzeko.
IDEIA
Ikasleek taldeka ebaluatu eta aurkez ditzakete emaitzak. Horretarako, datuak lekuen eta materialen arabera sailka daitezke, bai eta diagramak sortu ere. Emaitzak karteletan aurkez daitezke.