Orrialde honen edukia
Barnealdearen berdatzea
Bihurtu ikasgela oasi berde
Garrantzitsua da barrualdeak berdatzea, haiexetan igarotzen baitute ikasleek eskola-egunaren zatirik handiena. Garrantzitsua da barrualdeak berdatzea, haiexetan igarotzen baitute ikasleek eskola-egunaren zatirik handiena. Alde batetik, landareek kutsatzaile-iragazki eta oxigeno-ekoizle gisa funtzionatzen dute, eta horrek eragin positiboa du ikasleen kontzentrazioan eta osasunean. Batez ere ikastetxe berrietan, nahiko lehorra izaten da airea, paretak ondo isolatuta egoten baitira, eta haurrak, gazteak eta irakasleak kexu izaten dira, mukosak lehortzen zaizkiela eta. Landareak edukitzeak izugarri hobetzen du hori. Horretaz gainera, ikasgelak guztion artean diseinatu eta hobetu daitezke, landare berdeak ipinita.
IKASTETXEETARAKO ABANTAILAK
- Zenbait ideia, ikasgela ikasleekin batera berdatzeko:
- Ikasgela barneko giroa eta airearen kalitatea hobetzea landareen bidez.
- Ikasleek landareak zaintzen ikasiko dute elkarrekin, eta beren gain hartuko dute ikasgelako landareak zaintzeko ardura.
- Ekologizazio-proiektuarekin emaitza ikusgarria sortzea eta, hala, norberaren ikastetxean eta beste batzuetan eredu gisa funtzionatzea (jakinarazi!).
Lorezaintza- eta landaketa-aukerak
Ikasgeletan, loreontzietan ipin daitezke landareak, edo barneko hormetan landatuta. Horretaz gainera, zintzilikatzeko aukerak ere balia daitezke. Kontuan izan behar da bizpahiru landare erabiltzeak ez duela eragiten aldaketa nabarmenik. Ikasgelan giro ezin hobea sortzeko, 15 landare baino gehiago jarri behar dira, eta horietatik bostek gutxienez 1,50 metrotik gorako altuera izan behar dute. Landareak aukeratzean, egiaztatu behar da ez direla pozoitsuak eta ez dutela efektu haluzinogenorik. Era berean, saihestekoak dira landare arantzadunak, inork ere minik ez hartzeko. Landareok haurrek eta gazteek zaindu behar dituztenez, lan handirik ematen ez duten landareak aukeratzea komeni da. Erdi-itzaletan edo itzaletan ipintzeko landareak hautatu behar dira; izan ere, ez dira jarri behar leihoen ondoan, ikasgelako aireztapena ez eragozteko.
BA AL ZENEKIEN?
Zer eragiten du kolore berdeak gizakiongan?
Kolore berdeak itxaropena, hazkundea eta bizitza adierazten ditu. Psikologian esaten da kolore berdeak irudimena estimulatzen duela eta arimari kulunkatzen uzten diola; sormena ere sustatzen du, eta gauza berriak egiteko gogoa pizten du.
Zein da gela bateko hezetasun erlatibo optimoa gizakiontzat?
Guretzat, % 45 eta % 50 bitartekoa da gela bateko hezetasun erlatibo ideala.
Instalazioetako kutsatzaileak iragazteko funtzioak
Landare guztiek dute aireko kutsatzaileak iragazteko gaitasuna. Hala ere, kutsatzaile jakin batzuetara espezifikoki egokitzen diren landareak ere erabil daitezke ikasgelan; esate baterako, bakearen lirioak (Spathiphyllum) ikasgelako azetona iragazteko erabil daitezke. Potoak (Epipremnum aureum), berriz, pinturen eta itsasgarrien gasak iragaz ditzake. Amateak (Schefflera) eta dragoak (Dracaena) gortinetako gas kutsatzaileak, partikula-taulak eta antzekoak iragazten dituzte.
CO2-kontzentrazio handiaren ondorioak
Gela batean CO2 -edukia handitzen den heinean, areagotu egiten dira nekea, kontzentraziorik eza eta ondoeza. Gizakiok igortzen ditugun usainek gehiago irauten dute CO2-maila handia dagoen geletan. Zientzialariek ikusi dute, orobat, germen-kontzentrazioak gora egiten duela ehunekotan CO2 -mailarekin, eta horrek infekzio arriskua areagotzen duela. CO2-a barneko airearen kalitatearen adierazle gisa erabil daiteke.
IDEIA
Ikasgelako airea hobetzen
- Ikasgela garbitu egin behar da aldizka, hauts-mailak ahalik eta baxuen edukitzeko.
- Astean hirutan gutxienez, ikasgelako zorua, aulkiak eta mahaiak bustita garbitu behar dira.
- Aireztatzeko etenaldi bat egin behar da ordubetetik behin, kutsatzaile-kontzentrazioa murrizteko eta aire freskoa egokiro hornitzen dela bermatzeko. Garrantzitsua da ikasgela aldizka aireztatzea; ez da nahikoa leihoak ardatz aldagarrian edukitzea.
- Uda-partean, garrantzitsua da leihoek eguzki-babes egokia izatea, gehiegizko beroa saihesteko.
Barneko landareen propietate positiboak
Ikerketek erakutsi dute ongizatea areagotu egiten dela geletan landareak edukiz gero. Gutxitu egiten dira buruko mina, nekea eta larruazaleko narritadurak. Nancy M. Wellsek (2000) eginiko ikerketa baten arabera, ikasgelan landareak dituzten ikasleek askoz ere kontzentrazio handiagoarekin ikasten dute eta gutxiago gaixotzen dira landarerik gabeko geletan baino. Neurketek frogatu dute, orobat, landareek arteria-presioa eta estres-faktoreak murrizten dituztela, hala nola antsietatea, haserrea eta gogogabetasuna. Landareek, era berean, hezetasun handiagoa ematen dute ikasgeletan, lurrundu egiten baita ureztatzeko emaniko uraren % 90 baino gehiago. Bereziki neguko hilabete hotzetan, erradiadoreekin barneko airea lehortzen denean, gizakiok landareen lurruntze-gaitasunaz baliatzen gara; izan ere, babestu egiten gaitu mukosak eta larruazala lehortzetik eta begietako erresumin-sentsaziotik. Horretarako, egokiak dira batez ere neguko hilabeteetan hazteari uzten dioten landareak eta ur asko eskatzen dutenak. Hala ere, kontuz ibiltzea gomendatzen da, aise irten baitaiteke lizuna % 60tik gorako hezetasuna duten eraikinetan. Norvegia aldean eginiko ikerketa batek (Fjeld, Tove 2000) barnealdeko landareek langileen eta ikasleen osasunean eta ongizatean duen eragina ikertu zuen, eta ondorioztatu zuen landareek etengabeko eragin positiboa dutela. Bi arrazoi nabarmendu zituzten horretarako, besteak beste: batetik, kutsatzaileak iragazteko eta barrualdeko hezetasuna handitzeko gaitasuna, eta, bestetik, landareak ikusteak nabarmen azkarrago murrizten duela estresa.
GAIAN SAKONTZEKO AUKERAK
Eskuratutako ezagutzak indartzeko, galdera hauek landu ditzakezu ikasleekin:
Nola berdatu daiteke ikasgela bat?
- Ikasgela berdatzeko ideiak garatzea. Utzi ikasleei ikasgelako marrazki edo plano bat egiten, ikasgela landareekin berdatzeko.
Zergatik da garrantzitsua ikasgela bat berdatzea?
- Ikasleek elkarrekin ikertuko dituzte ikasgela edo eskolako beste gela batzuk berdatzeko landarerik aproposenak. Hainbat sailkapen-kategoria garatuko dituzte, hala nola kokapen argitsua edo iluna, zaintza-eskakizunak, jatorria, ezaugarriak eta abar, eta kategorien arabera esleituko dituzte landareak.
Nola hobetu daiteke ikasgeletako airea?
- Ikasleek zerrenda bat egingo dute, ikasgelan aire ona izateko. Zerrenda horretatik ondorioztatuko dira ikasleek beren gain hartu beharko dituzten eginkizunak (adibidez, asteko txandak).
Esperimentuak
Esperimentua: Ikasgela berdatzea
Ariketa honen bidez, ikasgela berdatu nahi da, landare ugari baliatuz. Landareak ikaskide guztien artean aukeratuko dira, eta ikasgelan kokatu, landatu eta zaindu.