Mapaketa
Ikasleek ikastetxeko eremuak eta horien erabilerak dokumentatuko dituzte. Lurzoruak gune horietan dituen funtzioei buruz eztabaidatuko dute, bai eta gertatzen diren edo gerta litezkeen erabilerei buruz ere.
IKASKUNTZA-HELBURUAK
Zer egin dezakete ikasleek?
- Lurzoruaren funtzioak izendatu eta beren bizi-ingurunearekin lotu.
- Mapaketa-metodo bat aplikatu, argibideei jarraikiz.
- Lurzoruaren funtzioak irudikatu mapa batean.
- Lurzoru-estaldurarik ohikoenak bereizi eta alderatu.
- Lurzoruaren erabilera eta estaldura egokiak aztertu.
- Patioa edo eskola-ingurunea diseinatzeko ideiak garatu.
Sakoneko informazioa
Irakasgaiak: geografia eta ekonomia, biologia eta ingurumen-ikasketak, historia eta gizarte-ikasketak, hezkuntza politikoa.
Beharrezko materiala: arbelak, boligrafoak, eskola-esparruko edo eskola-inguruneko mapa aurrefabrikatuak.
Beharrezko gelak eta ekipamendua: eskola-ingurunea edo ikastetxeko espazio irekia.
Aproposa talde txikietarako eta bi pertsonako taldeetarako.
Behar den denbora: bi unitate didaktiko
Prestaketa
Eskola-ingurunea edo inguruak erabili daitezke mapaketa egiteko.
- Erreparatu ikastetxe-esparruari, eta aztertu zer eremu dauden eta zer funtziorekin (jolasgunea, patioa, bidea, eserlekuak, aparkalekua, bizikletentzako aparkalekua, bidezidorra eta abar).
- Prestatu ikastetxe-esparruaren mapa bat.
- Pentsatu funtzio edo erabilera desberdinetarako izan daitezkeen kolore-bilbe edo -zatiketak, eta sortu mapa-eredu bat eginkizuna irudikatzeko.
- Ikastetxe-esparrua handia bada, banatu eremu txikiagoetan.
- Ohitu eskala kalkulatzen.
Ikasgelan egin beharreko urratsak
- Azaldu eginkizuna ikasleei, mapaketa-eredu baten laguntzarekin. Ikasle (edo talde) guztiek ikastetxe-esparruaren mapa bat jasoko dute.
- Eremuek izan ditzaketen funtzioak pentsatuko dituzte ikasleek. Ipini ados ikasleekin kolore edo sinbolo jakin batzuen inguruan. Sortu elkarrekin mapaketarako legenda bat.
- Ondoren, aztertu guneak talde txikietan eta dokumentatu mapan, dela eremuak marratuz edo koloreztatuz, dela sinboloak erabiliz.
- Marrazkiak bata bestearen ondoan ipiniko dira. Esparrua zenbait eremutan banatu baduzu, orain mapa komun handi bat sor daiteke, eta poster gisa zintzilikatu ikasgelan.
- Elkarrekin eztabaidatuko dituzte ikastetxeko lurzoruaren funtzioak. Galdera hauek erabil daitezke eztabaidarako:
- Zein dira funtziorik ohikoenak?
- Zer funtziok behar dute lekurik gehien?
- Zein eremuk betetzen dituzte hainbat funtzio aldi berean?
- Ba al dago beste funtziorik?
- Zer proportzio dute berdeguneek eta eremu grisek?
- Zein eremu-proportzio dago zigilatuta?
- Posible litzateke eremuetako batzuek zigilatuta egoteari uztea?
Ikasleek egungo lurzoruaren erabilera eta funtzioak ebaluatuko dituzte, eta ikasleen beharrak asetzen diren ere balioetsiko dute. Iradokizunak egingo dituzte erabilera bera edo desberdina izango duten eremuak «berdeago» izateko eta egonaldiaren kalitatea hobetzeko. Lurzoruaren estalduretan baliatzeko material alternatiboak ikertu eta alderatu daitezke.
IDEIA
- Ikastetxe-esparruko edo eskola-inguruneko landareetan ere ipin daiteke arreta; esate baterako, zuhaitzak marraztu daitezke, edo parterreak eta heskaiak nabarmendu.
- Mapaketa-ereduaren ordezko edo osagarri gisa, lursailaren zati bat filma dezakezu ikasleekin batera.
- Eskatu ikasleei beren bizi-ingurunearen mapa egiteko. Hurrengo ikasgaian, ikastetxeko lurraren mapaketarekin alderatuko dituzte bakoitzaren emaitzak. Ba al dago eskola-esparruan bakarrik ageri den ezaugarririk; hau da, etxean ageri ez denik? Zer ezaugarri ageri dira bi eremuetan? Zenbateko lekua hartzen dute?