Lurzoruaren analisia

Ikasleek lurzoru-motak eta horien osaera ezagutzen ikasiko dute, arrabolaren proba baliatuz. Zer lurzoru-mota daukagu eskola-baratzean, familia-baratzean edo soroetan? Nola bereiz daitezke lurzoru-mota batzuk eta besteak? Lohi-laginak informazio osagarria ematen du lurzoruaren osaerari buruz.
IKASKUNTZA-HELBURUAK

Zer egin dezakete ikasleek?
- Lurzoru-motak eta horien propietateak izendatu.
- Lurzoruaren egitura horizontal ideala edo tipikoa adierazi.
- Lurzoruaren eraketarekin lotutako horizonte edafikoak azaldu.
- Argibideei jarraikiz lurzoruak analizatu eta lorturiko emaitzak erregistratu.
- Aztertutako lurzoruetatik, landareentzat garrantzitsuak diren zenbait propietate ebaluatu.
- Ondorioak atera eta ikastetxeko lurrak ekologiko bihurtzeko neurri nabarmenak proposatu.
Sakoneko informazioa
Irakasgaiak: biologia eta ingurumen-ikasketak, kimika, fisika.
Behar diren materialak: pala (edo esku-pala), zoru mota ezberdinak, lurzoru laginetarako ontzia, lainoztatzeko botila (urez betea), lohi laginetarako ontzi gehigarria: Petri plakak edo beste ontzi lauak, kronometroa.
Beharrezko lokalak eta ekipamendua: eskola-baratzerako egokiak.
Aproposa talde txikietarako.
Behar den denbora: Unitate didaktiko bat
Prestaketa
Egokiena da gutxienez hiru lurzoru-lagin aztertzea. Nahikoa da kantitate txiki bat jasotzea; esate baterako, 0,5 litroko ontzi bat mota bakoitzeko. Lur-laginak 20 – 40 zm. Lur laginak ere jaso ditzakezu ikasleekin batera: eskolako lorategitik edo txango batean, edo ikasleei etxetik ekartzeko eskatu.
- Lur-laginak hainbat ontzitan ipiniko dira.
- Etiketatu egingo ditugu ontziok.
- Esan ikasleei idazteko zer tokitan jaso dituzten laginak (zer lursailetan, mendi-ibiliren bat egiten ari zirenean…).
IDEIA

Lur-laginek ahalik eta freskoenak izan behar dute. Ez dute egon behar ez lehorregi, ez hezeegi.
Udaberri-amaieran, udan edo udazken-hasieran jasotzea da egokiena.
Gelako zereginak
- Esperimentua aurkezteko, gogorarazi ikasleei aurretik ikasitakoa: Zer lurzoru-mota ezagutzen dituzu? Zer lurzoru-mota dira nagusi gure inguruan?
Ikasgaiari ekiteko, tankera honetako galderak bota daitezke: Zer lur-mota aurki daitezke eskola-esparruan? Lurzoru horiek baldintza onak edo txarrak eskaintzen dizkiete landareei? Informazio horretatik, zer ondorio atera daitezke eskola-esparrua ekologiko bihurtzeko? - Ariketaren hasieran, identifikatu elkarrekin lurzoru-lagin bat, ikasleei prozedura erakusteko.
- Bildu lagina: saiatu busti samar dagoen lurra esku-ahurren artean biltzen, lurrarekin txorizo moduko bat egin arte (arkatz baten lodierakoa).
- Arkatzaren lodierako biribilkia ez bada moldagarria: biribilki bakar bat ere ez bada moldagarria, lurzoru hareatsua den seinale. Eskuetako lerroetan lurzoru-osagai finak geratzen badira, berriz, material buztintsua dela esan nahi du, eta, beraz, harea limotsua dela. Eskuetako lerroetan ez bada ageri buztinik, lurzoru hareatsua izango da.
- Molda daitekeen arkatz baten lodierako koskor bat: hatz lodiaren eta erakuslearen arteko karraska belarritik hurbil estutzean eta igurztean, marga hareatsua dela adierazten du. Karraskarik sumatzen ez bada eta lurraren lagina estutzean gainazala opakua bada, lur buztintsua da. Gainazal irristakorra distiratsua bada, buztina da. Buztin hutsak trinkotasun koipetsua du.
- Ikasleek lurzoru-laginak zehaztu eta emaitzak dokumentatuko dituzte.
- Ikasleekin komentatuko ditugu emaitzak. Azaldu landareek airea, mantenugaiak eta ura dituen lurzorua behar izaten dutela, eta landare-motak zehaztuko duela lurzoruaren hedadura.
- Zenbateraino bil edo xurga dezake lurrak ura?
- Erraz edo nekez eman ditzakete landareek sustraiak lur horretan?
- Erraz zikintzen da lur hori?
- Erraz trinkotzen da?
- Zer aireztapen-maila du lurrak?
- Zer ondorio ditu eskola-esparruak berdatzeak? (adibidez, baliagarria litzateke lurzorua konpostarekin hobetzea, edo ez da beharrezkoa; ziurrenik, erregulartasunez ureztatu beharko da; lurzorua lasaitu egin behar da, etab.)
IDEIA

Lohiaren metodoa
Lohi-lagin bat ere egin daiteke. Horri esker, lurzoruaren mamiaren osaera zehaztu daiteke. Utzi lur-laginak ondo lehortzen eskola hasi aurretik. Metodo hori ikasgelan edo laborategian erabil daiteke; Petri plakak edo antzekoak eta kronometro bat beharko dira.
- Ikasleek urez beteko dituzte Petriren plaken bi heren.
- Lagin bakoitzeko koilarakada txiki baten herena Petri plaka banatan ipiniko dute.
- Petri plakek etiketatuta egon behar dute, ikasleek ez ahazteko zer lur-lagin ipini duten plaka bakoitzean.
- Ikasleek lur-laginen portaerari erreparatuko diote. Bost minutu itxaron ondoren, arretaz astinduko dituzte Petri plakak.
- Ikasleek ikusten dutena idatzi edo aurkeztuko dute ikasgelan, eta lurzoru-laginak konparatuko dituzte.
Apurrak zatitu egiten dira? Hala bada, zer neurritan? Tamaina desberdinekoak dira lur-apurrak? Ura uhertu egiten da ala garbi geratzen da? Lur-apurrak desegin egiten dira ala itsatsita geratzen dira?
Emaitzak: ur garbitan, lur-apurrak* urez betetzen dira, baina ez dira desintegratzen. Ur uherretan, berriz, lur-apurrak erraz disolbatzen dira, ezegonkorrak dira.
BA AL ZENEKIEN?

Lurzoru emankorrek lurretako organismo-populazio aberatsak izaten dituzte, xehagarriak eta solteak izaten dira, eta aireari iragazten uzten diote. Lur-zizareek lurraren kalitatea hobetzen dute, gorozkien bidez lur-apurrak iraizten baitituzte. Lur-apurrak humusez eta buztinez osatuta daude, eta horiek zementatu egiten dira elkarren artean. Zizarearen hestean gertatzen da hori: lur-partikulak konbinatu egiten dira puska trinkoak osatzeko. Euria egiten duenean, lur-apurrak urez betetzen dira, belakiaren antzera, eta gero ura lurzoruan askatzen dute poliki-poliki. Beraz, lur-apurrak ur-biltegi garrantzitsuak dira. Apurrak uretan erraz disolbatzen badira, ez daude lurzoruko organismoek ondo zementatuta. Gainera, lurreko organismoek lurra nahastu, lasaitu eta aireztatu egiten dute, tunelak zulatuz. Lurzoruko organismoek bizi-baldintza onak izatea funtsezko baldintza da lurzoru osasuntsua izateko.
