Ikaskuntza-jarduera: Zizare-konpostagailu bat sortzea eta kudeatzea

Zizare-konpostagailu bat sortzea eta kudeatzea

Zizare-konpostagailu bat sortzea eta kudeatzea metodo eraginkorra da sukaldeko hondakinak eta lorategiko hondakin kopuru txikiak mantenugaietan aberatsa den konpost eta ongarri likido kontzentratu bihurtzeko. Zizare bidezko konpostajeari vermikonpostajea ere esaten zaio.

TESTUINGURU-INFORMAZIOA

  • IKASGAIAK: Zientziak, geografia, herritartasun globalerako hezkuntza, matematika, hizkuntza-gaitasuna
  • EGOKIA: Ikasle-talde txikientzat
  • BEHARREZKO AURREBALDINTZAK/EKIPAMENDUA:
    – Ondo aireztatutako gune bat —adibidez, eskola-lorategia edo ikastetxeko kanpoko gune bat—. Zizare-konpostagailua estalpe batean ere eduki daiteke. Gune segurua izan behar du, beste ikasleek edo izurriteek hura ez nahasteko.
    – Mahai bat edo apalategi bat, zizare-konpostagailua lurretik aparte edukitzeko, txikia bada.
    – Eskuak eta ekipamendua garbitzeko ura eskura izatea.
    – Tresna digitalak —tableta, ordenagailu eramangarria edo arbel digital interaktiboa— datuak erregistratzeko eta aurkikuntzak aurkezteko.
  • BEHARREZKO DENBORA:
    – Hasierako prestaketa: gutxi gorabehera 1-2 saio zizare-konpostagailua prestatzeko.
    – Etengabeko mantentzea: astean 15-30 minutu (urtaroaren arabera).

BEHARREZKO MATERIALAK

  • Tapa duen zizare-konpostagailuaren ontzia —adibidez, aireztatzeko eta drainatzeko zuloak dituen plastikozko edukiontzia—. Aireztapena eta drainatzea ezinbestekoak dira; bestela, zizareak hil egingo dira
  • Zizare-konpostagailu motaren arabera, drainatutako likidoa biltzeko erretilu edo ontzi bat beharrezkoa edo komenigarria izan daiteke. Likido hori urarekin diluitu eta landareentzako ongarri gisa erabil daiteke
  • Zizare gorriak edo tigre-zizareak. Internet bidez edo arrantza-tresnen denda batean lor daitezke, edo konpost-pila batetik edo animalia-ongarri batetik jaso
  • Hondakin organikoak —fruta- eta barazki-hondarrak, te-poltsak, kafe-hondarrak eta arrautza-oskolak—. Mugatu gutxienera zitrikoak, tipulak eta baratxuriak, baita janari minak eta gaziak ere
  • Ohantzerako materialak, hala nola udazkeneko hostoak, konposta, koko-zuntza, egunkari-paper txikitua edo kartoizko zati txikiak. Material horiek zizare-konpostagailua material heze eta egituratzailez betetzeko erabiltzen dira, zizareek bizitzeko habitat bat izan dezaten. Ziurtatu ohantzea ondo hezetuta dagoela zizareak gehitu aurretik
  • Eskularruak
  • Eskuko pala txikia
  • Behaketak erregistratzeko koadernoa
  • Baskula —hondakin organikoak neurtzeko—
  • Zizare-konpostagailuaren prozesua azaltzeko kartelak edo grafikoak

Prestaketa

Lehenik eta behin, kontuan hartu zizare-konpostagailu batek behar dituen baldintzak. Zizareak aktiboenak dira baldintza epel eta hezeetan, 18 eta 25 ºC arteko tenperaturan, ahal dela. Haien jarduera nabarmen murrizten da 10 ºC-tik behera eta 30 ºC-tik gora. Zizare-konpostagailua estalpe batean edo lorategiko gune babestu batean eduki behar da, neguan hotzegi eta udan beroegi egon ez dadin.

Zizare-konpostagailuak etxe barruan edo balkoi batean edukitzea pentsatzen baduzu, kontuan izan behar da behar bezala zaintzen ez direnean batzuetan usain txarrak sor ditzaketela. Konpostajeko zizareek 6,5-7,0 arteko pHa eta ondo aireztatutako baldintzak nahiago dituzte bizitzeko. Ez dute muturreko azidotasuna jasaten, eta ez zaie urez beteta egotea gustatzen, horrek aire-hornidura mugatzen baitie.

Ikasgelako zereginak

  1. Zizare-konpostagailua pilagarria bada, hasi erretilu batekin. Jarri behealdean 8 cm-ko ohantze-material hezez osatutako geruza bat. Horrek geruza heze bat sortzen du, zizareek bertan tunelak egin eta elikagaiak digeritzen has daitezen.
  2. Zizare-konpostagailua ontzi bakarrekoa bada, bete gutxienez erdiraino —ahal bada, ia goiko ertzeraino— ohantze-materialarekin.
  3. Gehitu konpostajeko zizareak.
  4. Estali gehienez 8-10 cm-ko (3¼-4 hazbeteko) sukaldeko hondakin-geruza batekin, edo lurperatu janari-eskukada batzuk ohantze-materialean.
  5. Utzi gutxi gorabehera astebetez, zizareek ingurune berrira egokitzeko denbora izan dezaten.

Zizareak elikatzea (hondakinak gehitzea)

  1. Moztu hondakinak zati txikiagoetan, zizareek azkarrago jan ditzaten. Emaitza hobeak lortzeko, gehitu hondakin kopuru txikiak maiz zizare-konpostagailura.
  2. Jarri elikagaiak ohantze-materialaren gainean.
  3. Bestela, lurperatu elikagaiak ohantze-materialaren barruan, elikatzeko guneak sortzeko. Praktika horrek usain txarrak eta fruta-euliak murrizten lagunduko du.
  4. Hondakinak jaten ari ez badira, utzi zizareak elikatzeaz lehendik dauden elikagaiak prozesatzen hasi arte.

AHOLKUA

Saihestu zizareek prozesatu dezaketena baino hondakin gehiago gehitzea.

Kontsultatu Composting Ireland zizare-konpostagailuak kudeatzeari buruzko informazio gehiago lortzeko.

AHOLKUA

Zer ez sartu zizare-konpostagailuan:

  • Esnekiak, koipea, gantza, haragia, arraina eta hezurrak; izan ere, nahi ez diren izurriak eta euliak erakartzeko arriskua dute.
  • Gatza, janari minak edo zitriko nahiz tipularen familiako landareen kopuru handiak.
  • Hosto gogorren eta material zurezkoen kopuru handiak, sistema motelduko baitute.
  • Belar-ebakinak, berotu eta zizareak kaltetu ditzaketelako.

Zizare-konpostagailua hustea

Zizareek ohantze-material guztia jan dutenean, vermikonposta —zizare-humusa ere esaten zaiona— husteko unea izango da.

Zizareak elikagai-hondakinen goiko geruzaren azpiko eremuan pilatu ohi dira. Kendu besterik gabe 20 cm-ko (8 hazbeteko) goiko geruza eta utzi albo batera. Atera erabiltzeko prest dagoen konposta, eta berriro martxan jarri zizare-konpostagailua ohantze-material fresko eta hezearekin. Ondoren, jarri berriro kendutako geruza.

Zizare-konpostagailu askok erretilu pilagarri batzuk erabiltzen dituzte. Erretilu bakoitzak zuloak ditu oinarrian. Erretilu bat betetzen denean, beste bat jartzen da gainean, eta ohantze-materiala eta elikagaiak gehitzeko erabiltzen da. Zizareak zuloetatik gora igotzen dira material freskora. Erretilu guztiak bete direnean, beheko erretilua egiaztatu behar da. Litekeena da erretilu horretako ohantze-material eta elikagai guztiak konpost bihurtuta egotea, eta zizare guztiak erretilu berrietara migratu izana. Beheko erretilua hustu eta pilaren goiko aldean jar daiteke, elikatzeko hurrengo erretilu gisa erabiltzeko. Horrela, ez da zizareak bereizi beharrik.

Zizare-konposta eta likidoa: nola erabili

Zizare-konposta lurzoruaren hobetzaile orokor gisa edo etxean prestatutako hazkuntza-substratuen osagai gisa erabil daiteke. Oro har, nitrogeno eta potasio ugari ditu. Zizare-konpostagailuetatik drainatutako likidoa lorategiko landareentzako ongarri likido gisa erabil daiteke, uretan diluitu ondoren, likido-zati 1 ur-zati 10eko proportzioan. Mantenugai-balioa izateaz gain, zizare-konposta eta likidoa mikroorganismo onuragarrietan aberatsak dira; horiek landareak hazten eta gaixotasunei aurre egiten laguntzen dute.

IRADOKIZUNA

Zizareek ahoa dute, baina ez dute ikusteko begirik. Hala ere, argia hauteman dezakete. Argitik urruntzen dira, iluntasuna nahiago baitute. Zizareek hainbat bihotz ere badituzte; kopurua espeziearen arabera aldatzen da, baina espezie askok bost bihotz dituzte.

Gogoratu: Haziak dituzten fruta- eta barazki-hondarrak sar daitezke, baina haziak zizare-konpostagailuan erne daitezke.

Scroll to Top