Landu zeure hazitegiko landareak

Landare batzuk landu egin behar dira landatu aurretik. Aukera praktiko bat norberak lantzea da, haziak ereinda; kostuak murrizten ditu, gainera. Hartara, berotegiko landareak ez bezala, berehala egokitzen dira ingurumen-baldintzetara, eta, horrenbestez, sendoagoak izaten dira. Esperimentu honetan, tomateak baliatuko ditugu adibide gisa. Halere, beste landare batzuk ere aukera daitezke, jakina.

IKASKUNTZA-HELBURUAK

Zer egin dezakete ikasleek?

  • Landareen hazkunde-faktore garrantzitsuenak izendatu.
  • Faktore horietatik ondorioztatzen dira landare gazteak arrakastaz hazteko neurriak.
  • Argibideei jarraikiz landareak lantzeko esperimentua egin, eta oharrak dokumentatu eta ebaluatu.
  • Landare-laborantzaren emaitzak interpretatu.

Sakoneko informazioa

Irakasgaiak: biologia eta ingurumen-ikasketak, artisau-hezkuntza, nutrizio-zientziak.

Beharrezko materiala: tomate-haziak, laborantza-lurra, laborantza-loreontziak, laborantza-loreontzietarako sakonera txikiko erretiluak, ontziok estaltzeko film gardena, esprai-botila, loreontziak.

Beharrezko gelak eta ekipamendua: ikasgela edo patioa.

Aproposa talde handietarako.

Behar den denbora: unitate didaktiko bat (prestakuntzaren arabera luza daiteke).

Prestaketa

  • Egiaztatu zein den ereite-garairik egokiena aukeratutako landare-espeziearentzat. Tomateen kasuan, otsailaren amaieratik martxoaren erdialdera izango litzateke. Eskola-baratze bat izanez gero, geroago kanpoan zuzenean erein daitezkeen landareak aukera daitezke. Behaketarako, ordea, ikasgelan bertan ereitea da egokiena, loreontzietan.
  • Pentsatu loreontzietarako leku egoki bat. Tomateak ernetzeko tenperatura egokiena 20 eta 22 ºC artean izaten da. Ez ipini berogailuaren inguruan.
  • Kontuan izan hazkuntza-aldia eta zer egingo duzun landare gazteekin. Posible da parterre batean ipintzea, ikastetxeko lorategian, baldin eta landareak loreontzietan hazten badira? Edo ikasleek eramango dituzte etxera geroago?

Ikasgelan egin beharreko urratsak

  1. Sarrera gisa, eztabaidatu ikasleekin landareen hazkunde-faktoreen gaia. Hauek izan daitezke hasierako galderak: Geure landareak landu nahi ditugu, ikastetxea berdatzeko. Nola jokatu behar dugu? Zer behar dugu horretarako? Zer behar dute landareek ondo hazteko? Zein landare aukeratu nahi ditugu?
  2. Ikasleek lur soltez beteko dituzte hazitegiak edo loreontziak, 1 eta 2 cm arteko tartea utzita loreontziaren goiko aldean.
  3. Hurrengo urratsean, ikasleek hazi batzuk jarriko dituzte loreontzi bakoitzean, elkarrengandik 3 cm-ra. Lur-geruza solte batekin hautseztatuko dituzte —haziaren altuera halako bi edo lau soilik izan behar du geruzak—.
  4. Ondoren, hazitegiko edo loreontziko lurra busti behar da. Esprai-botila da horretarako egokia.
  5. Azkenik, loreontziak film gardenarekin zigilatuko dira, eta leiho-ertzean kokatuko dira, nahikoa argi jasotzen duten tokian. Argiaren ondorioz, likidoa lurretik ateratzen da, eta berotegi-giroa sortzen du filmaren azpian.
  6. Eztabaidatu ikasleekin zaintzak, eta sortu elkarrekin ureztatze-plan bat.
  7. Erreparatu hazkundeari. Gai hauek eztabaida daitezke:
    • Zertan bereizten dira lehenengo bi tomate-hostoak eta ondoren datozenak (kotiledoiak)?
    • Zergatik hazten dira plantulak erritmo desberdinetan loreontzi barruan, nahiz eta baldintza berberak izan?
    • Marrazkien, argazkien edo deskribapenen bidez dokumentatu daiteke hazkundea.
  8. Lehen bi edo lau orri-pareak hazi bezain pronto (hiru aste ingururen buruan), has gaitezke bakantzen bata bestearengandik gertuegi dauden aldaxkak. Landarerik sendoenak loreontzi bereizietara aldatuko dira. Zurezko makila zorrotz bat erabiliko da, lurreko plantulak eta sustraiak kontu handiz altxatzeko. Landare gaixoak eta ahulak erretiratu egingo dira.
  9. Inguruko klimaren eta tenperaturaren arabera, tomateak kanpoan landatu daitezke (Austria aldean, maiatzaren erdialdean, gutxi gorabehera). Inondik ere, saihestekoak dira izozteak. Tomateek oso gustuko dute eguzkia, baina eguerdiko bero handiak eta haizeak kalte egingo diete. Landatu ondoren, behar bezala babestutako leku argitsu batean ipini behar dira.
  10. Eskola-urtearen amaiera aldera, emaitzak interpreta daitezke hasierako galderak eta protokoloak erabiliz, eta ariketaren prozesua eztabaidatu. Nola funtzionatu du landareen zaintzak?

IDEIA

  • Arrautza-kartoi hutsak ere erabil daitezke hazi-erretiluen ordez, baita ontziak ere (esate baterako, jogurtarenak, barrenean zuloak egitea ahaztu gabe).
  • Era berean, norberaren ereiteko lurra ere nahas daiteke. Hauxe da tomateak hazteko lurrik onena: konposta (% 25), lorategi-lurra (% 15), koko-zuntza/perlita (% 40), arbola-azalaren humusa (% 10) eta harea (% 10).

 

IDEIA

Lurzoruak beti heze egon behar du, baina putzurik gabe.

IDEIA

Tomateak loreontzi handietan ere hazten dira. Ez baduzu parterre bat ipintzeko moduko tokirik patioan, loreontzi handiak (zortzi eta hamar litro artekoak), mortero-tinak edo kuboak ere erabil daitezke. Kontuan izan behar da azpian zuloak izan behar dituztela, ez dadin putzurik sortu euria egiten duenean edo ureztatzen direnean.

Scroll to Top