Eskualdeko informazioa: Berdatze bertikala

Eskualdeko informazioa: Berdatze bertikala

Lotutako gaiak beste herrialde batzuetan

Bertako landare igokariak

Bertako landareak erabiltzea oso onuragarria da. Tokiari lotuta eboluzionatu dutenez, oso ondo egokitzen dira tokiko klima-baldintzetara eta lurzoruaren ezaugarrietara. Hori dela eta, sendoagoak izaten dira, zaintzeko errazagoak, eta izurrite eta gaixotasunekiko erresistenteagoak. Orobat, landareak eta animaliak sinbiosian bizi dira, eta, beraz, elkarri guztiz egokituta daude. Horrenbestez, bertako landareak habitat eta elikagai-iturri garrantzitsuak dira animalia ugarirentzat. Gainera, landare gazteek edo haziek ez dute distantzia luzerik egin behar. Hona hemen proiektuan parte hartu duten herrialdeetako landare igokarien zenbait adibide.

AUSTRIA

Europar atxaparra (Lonicera periclymenum) landare igokari apaingarria eta usaintsua da, erraz zaintzen dena. Bereziki egokia da hesi eta hormetan gora egiteko, baita fatxadak berdatzeko ere. Landare igokari hori lianaren antzekoa da, eta atxapar esaten zaio. Urtean 1,5 m haz daiteke, 3 eta 6 m bitarteko altuera izan arte. Atxapar arrunta uda osoan loratzen da, ekainetik abuztura, eta oso usaintsua da, batez ere arratsaldeko orduetan. Hori dela eta, sitsak erakartzen ditu, baita erlastarrak eta mihi luzeko erleak ere. Abuztutik aurrera, baia gorri distiratsuak irteten zaizkio; oso elikagai garrantzitsua dira horiek hegaztientzat. Gizakientzat, ordea, pozoitsuak dira baiak. Atxapar-espezie hori ez da soilik Austriakoa; Europako herrialde askotan dago, erdialdetik hegoalderaino, baina baita iparraldean ere, hala nola Suedian, Norvegian eta Ingalaterran.

Austriako beste landare igokari autoktono batzuk:

  • Clematis vitalba: aihenzuria / ezkabia-belarra
  • Hedera helix: huntz arrunta
  • Rosa canina: astoarrosa / arkakaratsa

ALEMANIA

Astoarrosa ia Europa osoan dago; ez iparraldeko muturrean. Bere koloretako lore eta fruituekin, horma biluziak apaintzeko ezin aproposagoa da; aldi berean, elikagai-iturri baliotsua da, bereziki intsektu eta txorientzat. Landareak ez du zaintza handirik eskatzen, eta oso gogorra da. 2-3 metro altu izan daiteke; itzalean gorago igo daiteke, barreiatzaile gisa. Astoarrosa ere indartsu hazten da zabaleran. Beraz, Loti Ederraren ipuinekoa bezalako heskairik nahi ez baduzu, moztu egin beharko duzu.

Espainia

Otxar basatia liana-landare belarkara iraunkor bat da, errubiazeoen familiakoa. Liana hori baso eta sastraka esklerofiloetan agertzen da, substratu-mota guztietan, baita harrien gaineko lurretan ere. Nahiago izaten ditu lurzoru lehorrak, itsas mailatik 0-1.000 metrora.

Zurtoina egurrezkoa, glabroa, karratua eta igokaria da, eta 50 eta 250 zentimetro arteko luzera izaten du batez beste. Hosto iraunkorrak eseriak, distiratsuak, koriazeoak, oblantzeolatuak eta ertzetan horzdunak izaten dira. Bertizilotan antolatuta egoten dira, normalean adabegi bakar batetik irteten diren bost orri edo gehiagorekin. Lore txikiek bost petalo izaten dituzte; kolore berde horixka zurbilekoak dira (5 eta 7 mm arteko diametroa), eta zurtoin luzeen goiko aldean agertzen dira. Loraldia apiriletik ekainera arte izaten da. Lore hermafroditak intsektuek polinizatzen dituzte (entomogamia). Fruituak kolore berdeko baia haragitsuak dira, beltzak heltzen direnean, eta 5 mm inguruko diametroa izaten dute.

Oso landare ohikoa da artadi kantauriarretan. Horretaz gainera, Mediterraneo eskualdean, Ebro haranean, Andaluzian eta Valentzian ere agertzen da, eta, oro har, sastrakak, sasiak, hormak eta baso-eremuak hazten diren edozein tokitan. Espainiatik kanpo, Europako eta Asiako hegoalde eta mendebaldean, Afrika iparraldean eta uharte makaronesikoetan agertzen da.

Hona hemen Euskadin eta Espainian ageri diren beste zenbait landare igokari autoktono:

  • Hedera helix: huntz arrunta
  • Smilax aspera: arkasatsa, endalarra

Iturriak: https://floresdeordesa.files.wordpress.com/2016/04/flora_ornamental_06_baja.pdf https://www.wikiwand.com/es/Rubia_peregrina

Herrialdeari buruzko informazio zehatza

Scroll to Top