Landareen zaintza
Zer behar dute landareek hazteko?

Landareak ondo garatu eta hazteko, zenbait faktore dira ezinbestekoak. Argia, airea, tenperatura, ura eta mantenugaiak dira landareak hazteko ezinbesteko faktoreak. Horiek guztiak behar besteko kantitatean badaude, landareak ondo garatu daitezke.
IKASTETXEETARAKO ABANTAILAK

- Ikasleek eskolan ikasten dute landareak behar bezala zaintzen.
- Hobeto ulertzen dute zein diren lorezaintzako ideiak gauzatzeko baldintza onak.
- Aurreztu dirua hazitegiak eskolan landuz eta eskolako landareak ondo zainduz, berdetasuna luzaroan egoera onean mantenduz.
Argia
Eguzkia da gure unibertsoan biomasa sortzeko eta bizi-prozesuetarako energia-iturririk garrantzitsuena. Eguzkiaren energia erradiazio elektromagnetiko gisa igortzen da espaziora, eta hainbat uhin-luzeratan iristen da Lurrera. Giza begiak 380 eta 780 nanometro (nm) bitarteko uhin-luzerak hautematen ditu. Giza begiak argia hautemateko ahalmena eta argiarekiko sentikortasuna dituen bezala, landareek beren sentikortasun-kurba berezia dute, fotosintesia egiteko, hain zuzen. 400 eta 700 nm bitarteko uhin-luzerak dituen argia xurgatzen dute. Landareek behar adina argi izan dezaten eta haien hazkuntza ezin hobea izan dadin, barruko landareetarako lanparak erabiltzen dira maiz.

Ura
«Urik gabe ez legoke bizitzarik». Esaldi hori erabat frogatuta dago, behin eta berriz. Urak landarearen zirkulazioa aktibatzen du; lurzoruko urarekin, bertan disolbatutako gatz mineralak xurgatzen dira, eta beharrezkoak dira metabolismorako edo hazkunderako. Ura ezinbestekoa da asimilaziorako. Gehiegizko ura hostoetan zehar lurruntzen da, eta horrek giroa hozten laguntzen du. Oso gutxi ureztatzen bada, landarea zimeldu egiten da eta lehortu egin daiteke. Gehiegi ureztatuz gero, sustraiak usteldu egiten dira, hostoak horitu egiten dira eta, azkenean, landarea hil egiten da.

Airea
Landareek airea behar dute; hostoek ez ezik, sustraiek ere bai. CO2-a (karbono dioxidoa) xurgatu eta berriz oxigeno bihurtzen dute. Beraz, garrantzitsua da poroen bolumena nahikoa izatea landareen sustraiek arnastu dezaten. Lurzoruaren bolumen osoaren gaineko ehuneko gisa adierazten da poroen bolumena.
Lurzoru idealak osagai hauek ditu, gutxi gorabehera:
- Material solidoa, % 50
- Ura duten poro ertain eta finak, % 30
- Airea duten makroporoak, % 20
Lurzorua trinkotuta badago, ur eta oxigeno gutxiago sartzen da hartan. Orduan, landareen sustraientzako baldintzek okerrera egiten dute, ez baitago aire-trukerik.
Mantenugaiak
Landareek zenbait mantenugai behar dituzte hazteko. Mantenugaien hornidura erregularra bermatu behar da. Horretarako, askatze moteleko ongarria —pikortua eta hautsa— erabil daiteke, edo ongarri espresa —likidoa edo hautsa—. Uretan disolbatutako mantenugaiak sustraien bidez xurgatzen dira nagusiki.
BA AL ZENEKIEN?

Lurra behar dute landareek?
Landareek ez dute ezinbestean lurzorua behar hazteko; ura, mantenugaiak eta airea, ordea, bai. Lurzoruak honetarako soilik balio du: sustraiek hari heltzeko.
Lurzoruak eta substratuek ingurune elikagarria osatzen dute, eta landareak hartan finkatu eta hazten dira. Substratuek belakien antzera gordetzen dute ura, eta astiro-astiro botatzen diete landareen sustraiei; gainera, euskarria ematen diete. Substratu teknikoak lurra baino arinagoak dira, poro-bolumen handia dute, baita nahikoa aire-edukiera ere, baina mantenugaiak gordetzeko ahalmen mugatua dute.
Tenperatura
Landareak tokiko baldintza askotara egokitu dira. Beraz, bertako landare-espezieak tenperatura-baldintzetara ere egokituta badaude. Barruko landareak batez ere tropikalak eta subtropikalak direnez, 20 °C inguruko tenperatura konstanteak behar dituzte, eta hezetasun handia.

Humusa
Lurzoruko humus-geruza da landareentzako habitatik garrantzitsuena. Lurzoruaren goiko geruzan hildako materia organikoa da humusa. Hosto lehorren geruzaren azpian dago, egonez gero. Humusa materia organikoa deskonposatzean sortzen da; esaterako, landare- edo animalia-hondakinak deskonposatzean. Humusaren eraketa eta deskonposizioa faktore askoren mende daude. Klima, geologia, landare-estalkia, jarduera biologikoa eta lurzoruaren erabilera dira faktore horietako batzuk.
BA AL ZENEKIEN?

Zer lodiera du humus-geruzak?
Ipar hemisferioko klima epeleko eremuan, hala nola Austrian eta Alemanian, landu daitekeen lurzoru emankorreko humus-geruza 30 eta 40 cm bitartekoa da. Aitzitik, oihan tropikaletan zentimetro gutxiko lodiera du. Zergatik?
Urtaroko klimetan —tenperaturak askoz baxuagoak eta prezipitazioak handiagoak dira, batik bat neguan—, lurzoruko jarduera oso txikia da. Tropikoetan, animalien eta onddoen jarduera handiagoa da lurzoruan, bereziki tenperatura altuagoen ondorioz; hortaz, humusa askoz azkarrago deskonposatzen da.
GAIAN SAKONTZEKO AUKERAK

Eskuratutako ezagutzak indartzeko, galdera hauek landu ditzakezu ikasleekin:
Zein dira eskualdeko baldintzak? Zein da klima-eremu nagusia?
Ikasleek tokian tokiko baldintzak aztertuko dituzte: eskualdekoak, ikastetxe-ingurukoak eta ikasgelakoak.
- Klima-faktore nagusiak zein diren esan dezakete, eta deskribatu.
Nola dago lotuta lurzoruko mantenugaien kopurua errendimenduarekin? Mantenugai gehiago badaude, errendimendua handiagoa da beti? Zer hartu behar da kontuan ongarriztatzean?
- Hazkuntza-faktoreak nekazaritzaren eta errendimenduaren ikuspegitik aztertuko dira, bai eta ongarriztatzeak, ureztatzeak eta beste neurri batzuek tokiaren baldintzetan duten eragina ere.
Klima-aldaketaren eta neofitoen arteko lotura biologia-eskoletan eta ingurumen-azterketetan eztabaida daiteke.
- Ikasleek «neofito» hitzak zer esan nahi duen azaldu dezakete, eta beren eskualdeko adibideak eman. Irakasleak adibideak erabiliz azalduko du neofitoen gaia. Neofitoak zabaldu izanaren arrazoiak aztertu eta horrek klima-aldaketarekin duen lotura azalduko da.
Esperimentuak
Esperimentua: Landu zeure hazitegiko landareak
Landare batzuk landu egin behar dira landatu aurretik. Aukera praktiko bat norberak lantzea da, haziak ereinda; kostuak murrizten ditu, gainera. Hartara, berotegiko landareak ez bezala, berehala egokitzen dira ingurumen-baldintzetara, eta, horrenbestez, sendoagoak izaten dira.


